Revista Artez
Portal Artezblai
Libreria Yorik
Revista de las Artes Escénicas
Artez 128. diciembre 2007
Hoy es
 
  • Teatro
  • Música
  • Danza
  • Zona Abierta
  • Opinión
  •  
     
  • Agenda
  •  
     
  • Conócenos
  • Suscríbete
  • Contacta
  •  
     
  • Buscador
  • Números anteriores
  • Directorio
  •  
    ntzerkia
    tetro

    Gizaki eta izakiak

    Obra: Hor al zaude?
    Egilea: Javier Daulte.
    Antzezleak: Asier Hormaza/Aitor Gabilondo, Ainhoa Aierbe. Eszenografia: Vania Producciones. Jantziak: Kuku.
    Argiztapena: Sergio Fabri.
    Musika: Pascal Gaigne.
    Zuzendaria: Joseba Apaolaza. Ekoizpena: Kanpingags.
    Iraupena:
    90 min.
    Tokia:
    Antzoki Zaharra - Donostia. Egunak: Abenduak 27, 28 (20.00), 29, 30 (19.30).

     

    ‘Hor al zaude?’ ikuskizuna estreinatuko du Kanpingagsek
    Javier Daultek agerpen eta desagerpen jokua lantzen du
    Izaki batekin bizi den bikote baten bizipenak islatzen dira

    Joseba Gorostiza

    Javier Daulte dramaturgo argentinarrak sortutako obra oparotik euskaratutako lehen testua estreinatuko du Donostian Kanpingags konpainiak, egilearen ‘¿Estás ahí?’ jatorrizko testua Hor al zaude? izenburuarekin antzeztuko dela. Julia Marínek euskaratutako testuak originalaren ardatz nagusiak mantentzen ditu, ekoizpenak metafora azpimarragarria gordetzen duela bere baitan “ezer ez delako ematen duena” Joseba Apaolaza zuzendariak azaltzen duenez.
    Daultek idatzitako testua ingelesez estreinatu zen 2002an Londonen eta lehenengo ekoizpen hartan gizonezko antzezle bakar batek gauzatzen bazuen, Kanpingagsek eszenaratuko duen proposamenean bi antzezle azalduko dira Patxi eta Ane, lehena Asier Hormazak edo Aitor Gabilondok txandaka gorpuztuko dutela eta Ainhoa Aierbek egingo du neskaren papera. Hala ere, orain aurkezten den ekoizpenaren lehen zatian gizonezko pertsonaiaren mintzaldia nagusi bada ere, Apaolazak ukatu egiten du bakarrizketa denik; “zorrotz jarriz gero, ikusten dugun eta ikusten ez dugun bi pertsonaien arteko dialogoa baita”.

    Umore txarreko mamua

    Komedia honek, “interesatzen zaizkidan bi elementu elkartzen ditu. Hizkuntzaren bidez egindako argumentuaren benetako tratamendua, jokabidean hipernaturalismo itxura duena, eta sinesgaitza den argumentuarekin uztartzen dena” adierazten du Daultek.
    Hor al zaude? ikuskizuna Patxi eta Ana elkarrekin bizitzen hasten direnean abiatzen da. Patxi mago hasiberria da eta Ane oftalmologian lizentziatzekotan dago. Mudantza egin berria dutenez, etxea oraindik hankaz gora dago, kutxak eta altzariak hanhemenka sakabanatuta, eta atontze lanak ez badira nahiko, bikotea beste arazo baten aurrean izango da etxean gizon ikusezin baten presentziaz ohartzen baita.
    Martin izeneko mamu antzeko izaki honek, umore oso txarra du eta bere presentzia espazioaren inbasiotzat hartzen du bikoteak. Martinek, gainera, puntu anakronikoa sartzen du ikuskizunean.

    Instrumentu eta jostailu

    Bikotea eta izakia badira protagonista nagusiak, “ikuslegoa pertsonaia horiek baino gehiagoren aurrean dagoela uste izango du”. Izan ere, Nekane deituriko pertsonaia ere tartekatzen da agerraldian (hau ere Aierbek gorpuztuta), bere asmoa magoaren laguntzaile bilakatzea da eta etxean agertzen denean Patxirekin elkarrizketatzeko asmoa du, “ikuskizunari beste bira bat emanez”, azaltzen du Apaolazak.
    Daultek sortutako obraren erakargarritasuna teatroa bera instrumentu eta jostailu bezala planteatzean datza eta arlo horretan kokatzen da egileak proposatzen duen beste elementu azpimarragarria, agerpen eta desagerpen jokua hain zuzen. Esate baterako, Martin ‘pertsonaia’ eraikitzeko “konbentzio batzuk jarri eta horren barruan sartzen gaitu” idazle eta zuzendari argentinarrak; “berak ahalegina egiten du eszenatokian ez dagoen ‘presentzia’ hori guk geuk sortzeko. Eta ikusezina den izaki horren agertzea gauzatzeko eta ilusioa sortzeko, ilusionismoa dugu lagungarri”, azpimarratzen du Apaolazak.

    Gordintasuna gutxitu

    Kanpingagsek eskainiko duen bertsioa Katalunian egin zen ekoizpenean erabilitako eszenografia beraz baliatuko bada ere, Gorka Mínguezek jatorrizkoari egindako moldaketak ere erakutsiko ditu, Hor al zaude? ikuskizuna bi zatitan banatzen denez bi espazio islatuz. Lehenengoan sakabanatutako kutxekin eta altzariekin ‘janzten’ bada oholtza, sei hilabete iragan ondoren gertatzen den jarraipena toki berean gauzatuko da, nahiz eta presentzia nabarmena izango duen beste elementu bat azaldu: Patxik izaki ikusezinarekin komunikatu ahal izateko erabiliko duen ‘arbel magikoa’, tresna horren bidez “bikotea zertaz hitz egiten ari den ere jakingo du ikuslegoak...”.
    Ekoizpen hau Daulteren obra euskal ikuslegoarengana gerturatzeko “ahalegin xumea” da eta Kanpingagsen asmoa “jatorrizko obrak transmititzen duen gordintasuna gutxitzea” dela aitortzen du Apaolazak. Hala ere, “funtsean, egileak lantzen dituen gaiak, eraman nahi gaituen lekura eta espiritua mantenduko ditugu”, gaineratuz.
    Julia Marinek egindako itzulpenak obrak oinarrian azaltzen duena areagotu egin du eta horretarako euskara batua zuzenetik urrutiratu eta lokalizatu egin dute. “Aneren pertsonaia, bere familia bizkaitarra denez, euskalki horretara gerturatu dugu eta Patxiren hizkera berriz, gipuzkerarantz hurreratu dugu. Hori bai, Martin azaltzen ez denean. Bera ‘aurrean’ dagoenean euskara batu formalagoan hitz egiten dute protagonistek, ezezagun bati ematen zaion begirune gisa”.
    Hor al zaude? antzezlanak hasieratik bukaeraraino mantentzen du intriga puntua bere baitan, uneoro areagotzen baita ikuskizunak proposatzen duen agerpen eta desagerpen jokua. Azken finean, ikuslegoak begien aurrean ikusiko duena “egiaren metafora da; egiaren bilaketa, egia desberdinak eta egiak berak duen subjektibotasuna planteatzen dira obran zehar. Daultek probisionala eta iragankorra denaren apologia egiten du”.

    pagina principal

    Teatro | Música | Danza | Zona Abierta | Opinión | Agenda | Conócenos | Suscríbete | Contacta | Buscador | Números Anteriores

    © ARTEZBLAI SL,2005
    artez@artezblai.com
    C/ Aretxaga 8, Bajo- 48003 - Bilbao - Bizkaia tlf: (+34) 944 795 287 fax: (+34) 944 795 286