Revista Artez
Portal Artezblai
Libreria Yorik
Revista de las Artes Escénicas
Artez 128. diciembre 2007
Hoy es
 
  • Teatro
  • Música
  • Danza
  • Zona Abierta
  • Opinión
  •  
     
  • Agenda
  •  
     
  • Conócenos
  • Suscríbete
  • Contacta
  •  
     
  • Buscador
  • Números anteriores
  • Directorio
  •  
    ntzerkia
    tetro

    Bizitzaren oinatzak

    Obra: Sommer Jaunaren istorioa.
    Egilea: Patrick Süskind.
    Itzulpena: Lourdes Oñederra.
    Antzezlea: José Ramón Soroiz.
    Espazio eszenikoa: Nura Teixidor. Musika: Jabier Muguruza.
    Zuzendaritza: Xicu Masó.
    Ekoizpena: Txalo eta Soroiz.
    Iraupena: 80 min.
    Lekua: San Agustin K. G. (Durango). Data: Abenduak 6.
    Ordua: 20.30.

     

    Patrick Süskinden Sommer euskeraz estreinatuko dute
    Jose Ramon Soroizek eginiko bakarrizketa bizia da
    Malenkoniaz eta umorez beteriko istorioa dakarkigu

    B. Relaño

    Duela hamahiru urte estreinatutako ‘Sömmer (sa història des senyor)’ antzezlana abiaburu, Euskal Herrira helduko da orain Patrick Süskind idazle alemaniarrak idatzitako Sommer Jaunaren istorioa, José Ramón Soroiz antzezleak bultzatutako egitasmoa, Katalunian jada emanaldi klasikoa bihurtu den bakarrizketarekin erabat maitemindu ondoren, beste asko bezala, Pep Tosar komedianteak eta Xicu Masó zuzendariak sortutako antzezlanak azken urteotan hirurehunetik gora emanaldi eskaini baititu. Lourdes Oñederrak euskeratuta, Soroizek taularatuko du bizitzaren misterioetan barneratzen den balada hau, Masó bera zuzendari duelarik. “Sommer oso barneratuta daukat. Horren ondo ezagutuko ez banu, ez nintzateke euskerazko antzezlanik muntatzera ausartuko. –dio zuzendari katalanak– Eta gainera, Julia Marínen ezinbesteko laguntza jaso dut”.

    Argilune ugariko istorioa

    Horrela, Soroiz Süskinden eleberri laburreko protagonistan bilakatuko da, haurtzaro eta nerabetasuneko pasarteak gogora ekartzen dituen pertsonaia sortuz. Bere oroitzapenetan zehar egiten dituen ibilaldietan gizon misteriotsu baten irudia agertzen da behin eta berriz, Sommer Jauna, auzokide ilun eta kezkagarria. Goizero etxetik irten, emaztea utzi, eta makila lagun, txangoari ekiten zion. Ibili eta ibili, eta besterik ezean, ibiltzen jarraitzen zuen gizon arrotza zen hura, gure protagonistari gertatutako egoera bitxi guztietan nolabait agertzen zena.
    Txalo eta Soroizek ekoitzitako antzezlana, nahiz eta gazteek gozatu dezaketen, helduentzako ikuskizuna da, irakurketa maila ugari eta aberatsak baititu, gris, argilun eta xehetasunez beteak. “Umeta­sunetik heldutasunerako iniziazioko bidaia agertzen du, baina batipat prozesu honetan agertzen diren estutasun eta krisiak ditu mintzagai, Sommeren irudia gure protagonistak bizi dituen momentu zailenekin lotuta dagoelako, hala nola, bere aita beldurrez jota lehendabizi ikusten duenean. Baina bere gogoetak kontatzen dituen heinean, eta haiekin lotuz, azkenik, protagonista Sommeren egiaz jabetuko da”, azaltzen du zuzendariak, ikusleak, sakonean, lozorroan dituen sentimenduak esnatzearekin batera momentu oso dibertigarriak dituela gaineratuz. Izan ere, liburua irakurri zuenean barre algarak bota zituela gogoratzen du Masók, eta “irakurketa gaindituz, istorioa pixka bat gehiago neureganatzeko agian, oholtzaratzeko irrika sartu zitzaidan”. Hala bada, Süskindekin hasi eta ordutik hona sei bat antzezlan prestatu ditu testu dramatiko ez diren obrak oinarri dituela, tarteko Tabucchiren ‘Rèquiem’ eta ‘Revés’ edo Bulgakoven ‘El mestre i Margarita’. “Horrelako materialekin muntaia bat egitea erabakitzen dudanean, halere, ez dut inolaz ere modua batere argi. Eszenaratu daitekeen intuizioarekin nahikoa dut, gero kalitate handiko buztina den oinarria landuz forma hartzen joango da. Idazle frustratua izango naiz, beharbada, beste trauma psikologikorik ez badago, baina egia esan, testua teatro bihurtzeko prozesua biziki maite dut”.

    Terapia saioa

    Sommer Jaunaren istorioa material literariotik eszenara eramateko, “lengoaia bien arteko itzultzaile lana egiteko”, zuzendariak dioenez, ez du ia testua ikutu. Gakoa antzezlana gertatzen den espazioan datza, kafeteatro areto bat, eta protagonistari egokitu dioten bizibidea, istorio kontalaria, zeinak egun horretan inoiz kontatu ez duen bere istorio propioa azaltzen duen. “Kafe antzerki emanaldi bezala hasten dena, terapia saio bilakatzen da, erraiak estutzen dizkion istorioa ateraz. Horrek, aktorearen baliabide eta kolore askotan murgiltzea eskaintzen digu eta bestetik, pisu handiko barnelogika ematen dio antzezpenari”, adierazten du Masók.
    Nura Teixidorrek sortutako espazio eszenikoak, beraz, kafe-teatro aretoa ekarriko du gogora, nahiz eta modu errealistan ez egin, taberna aulki bat eta besaulki bat nagusi direla. Eta musikak antzezlan osoan presentzia nabarmena ez duen arren, Jabier Muguruzak antzezlanerako propio sortu ditu doinuak.

     

    Literaturako mamua. Patrick Süskind idazle, literaturako mamu bezala da ezaguna, bera munduko etxe askotan sartu baita eta inor ere ez berean. ‘Perfumea’ eleberriaren milioika ale saltzea lortu du, ia berrogeita hamar hizkuntzetan irakurri daitekeena, joan den hiletik hona, euskeraz ere. Baina nor ote da egilea? Bere biografiarik zabalduenak –eta ia bakarra– dioenez, Bavieran jaio zen 1949 urtean, Erdi Aroko eta Historia Garaikide ikasketak burutu zituen eta zinemagintzarako gidoiak idatzi zituen 1981ean ospe handia jaso zuen bere lehen obra plazaratu arte, Kontrabajua antzezlana hain zuzen ere. Baina azken urteotan, desagertuta dagoela ematen du. Ambachen, bere jaioterrian bizi da Starnberger lakuaren bazterrean. Ez du elkarrizketarik ematen –kazetari bati hitza eman dio 2019an eskainiko ziola–, ezta bere argazkirik zabaltzen (oso urriak dira), eta, zurrumurruek diotenez, ez du Perfumearen filma ikusi nahi izan, hamabost urtez eskubideak behin eta berriz ukatu izan ondoren bere baimenarekin eginiko pelikula. Izan ere, Xicu Masók aitortu digunez, hasiera batean Sömmer (sa història des senyor) Bartzelonan estreinatu zutenean ‘irakurketa’ moduan aurkeztu behar izan zuten, nahiz eta trikimailu batekin egin: Pep Tosar antzezleak hain barneratuta zuen testuak ez zuela paperik behar aitzakia jarriz.

     

    pagina principal

    Teatro | Música | Danza | Zona Abierta | Opinión | Agenda | Conócenos | Suscríbete | Contacta | Buscador | Números Anteriores

    © ARTEZBLAI SL,2005
    artez@artezblai.com
    C/ Aretxaga 8, Bajo- 48003 - Bilbao - Bizkaia tlf: (+34) 944 795 287 fax: (+34) 944 795 286