|
|
antza
|
Sorkuntza sustatzen
Dantza sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak egitasmo berri bat jarri du abian, ‘Dantzan Bilaka’. Ekimen honek, orain arte antolatutako Koreografi Erakusketaren lekukoa hartu du eta dantza garaikidearen erakusketa izateaz gain, partehartzaileen prestakuntza sakontzeko eta beraien arteko gogoeta eta komunikazioa zabaltzeko esparru bat sortzea du helburu. Dagoeneko ospatu dira sorkuntzaren inguruko topaketak eta urrian zehar Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan burututako lana, hau da hamaika pieza labur, ezagutzeko aukera izango da.
Azken hamar urteetan dantza garaikidea bultzatzeko eta batez ere sortzaile berriei zuzenduta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatutako ‘Koreografo Gazteen Erakusketa’ lehenengo eta ‘Koreografi Erakusketa’ iaz arte, ‘Dantzan Bilaka’ izeneko ekimen berrian bilakatu da sortzaile berrien piezak eszenaratzeaz gain trebakuntza, gogoeta eta komunikazio esparru bat ere eskaintzeko helburuarekin, hau da sorkuntza prozesu osoa aurrera eramateko aukera eskainiz.
Bi fase
‘Dantzan Bilaka’, beraz, bi fasetan zehazten da; batetik, sorkuntza prozesuaren baitan eztabaida-jardunaldi batzuk antolatzen dira partaideek beraien ideia eta argudioak azaldu ditzaten eta dantzari profesionalen laguntzarekin sorkuntzaren inguruko hausnarketa sakonago bat bultzatuz, eta bestetik, eta pieza berriaren eszenaratzea burutuko da.
Aipatutako topaketak pasa den ekainaren bi asteburutan izan ziren eta bertan sorkuntza koreografikoa, sorkuntza prozesuak eta ikerketa, bakoitzaren lengoaiaren bilaketa edo mugimenduaren inguruko ikerketa bezalako gaiak jorratu baziren, prozesu baten eszenaratzea, aukera estetikoen aniztasuna, teknologia eta lengoaia berriak eta koreografoen eskaerari erantzunez argiaren inguruko esperientzia zehatzak egin ziren ere.
“Gogoeta sakonago bat egiteke badago ere, lehen urte honetako jardunaldietan parte hartu duten sortzaileentzat oso aberasgarriak izan direla esan genezake” azaltzen dute Dantzan Bilakaren koordinazio taldeko kideek. “Balio handiko eta askotariko ikuspuntuak azaldu izan dira. Gure proiektua kontatu behar izan dugu eta honek gogoeta eragin digu eta zenbaitetan lanaren alderdi jakin batzuk berriz planteatzea ere. Bilaketa prozesuaren arriskuaz, azaldu nahi denaren argitasunaz eta ideiak zehaztearen beharraz baita sorkuntza prozesuaren baitan kudeaketa egoki baten garrantziaz hausnartu dugu” gaineratzen dute. “Azken baten komunikazioari, etorkizuneko proiektuei eta lan egiteko moduei ateak zabaldu dizkiegu. Baina batez ere elkarrizketaren bidez elkarlanean jarraitzeko lehen urrats bat eman dugu” azaltzen dute.
Hitzordua
Urriarekin batera ekimen honen bigarren fasea burutuko da, hots, egitasmo honen baitan sortutako hamaika piezen eszenaratzea. Hilaren 13, 20 eta 27an izango da hitzordua, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hurrenez hurren.
Bilboko La Merced Ikastetxean hiru pieza ezagutzeko aukera izango da, Olaf Kehleren Iep! Burua galtzen, Cecilia de Madrazo eta Tonatiuh Díazen Der Raum eta Atxarte López de Munainen Oroimenaren gelak.
Diziplina anitzeko lana da Olaf Kelherek eszenaratuko duena; presentzia eta absentzia dira Sikoklouns Kolektivek ikerketarako aukeratu dituen ildo nagusiak, errealaren eta birtualaren arteko hibridazioa, hainbat rol eta irakurketa ezberdin eskaintzen dituen ziberkabareta.
Der Raumek Martin Heideggeren galdera bati erantzutea du helburu, hau da, “proiektu fisiko-teknikoaren espazioak egiazko espazio bakar baten balio bera izan dezake?”. Atxarte López de Munain gernikarrak, berriz, usaimenak oroimenarekin duen erlazioak eragindako bidai baten inguruko hausnarketa proposatzen duen pieza aurkeztuko du.
Neskak nagusi
Beatriz Gázquez, Leire Ituarte, Myriam Perez eta Laida Azkona dira Donostiako Egia Kultur Etxean ikusgai izango diren lau piezen sortzaileak. Sobre los coches rojos, el miedo y las cafeteras, “gorria, ura eta izkinak, denbora ezabatzen du urak, kale kantoiak berdin jarraitzen dute gu gara aldatzen garen bakarrak” azaltzen du Laida Azkonaren lanak.
Picasso, Schiele eta Klimten erretratoak abiapuntu hartuta eszenak sortu eta hainbat istorio kontatzen ditu Beatriz Gázquezen lehen lanak Autorretratos; adierazleak, kontatzeko moduak, adieraziak beraz kontatzen denak besteko garrantzia duela.
Mai-Myk, hau da Myriam Perez eta Maite Arroitajauregi, azken honek zuzenean jotzen duen txeloaren musikaz girotutako E-j-e-r-c-i-c-i-o-n-ú-m-e-r-o-d-o-s pieza taularatuko du eta Leire Ituartek berriz, omenaldi bat eskaintzen dio malenkoniari Azul en tres actos lanarekin, malenkonia bizitzan zehar gertatzen diren galeren funtsezko esperientzia dela abiapuntu hartuta.
Museoa eszenatokia
Urriaren azken larunbatean Gasteizko Artium Museoan izango den emanaldiak emango dio amaiera aurtengo ‘Dantzan Bilaka’ri. Lau izango dira aurkeztuko diren pieza laburrak Marta Navaridas eta Dani Brownen The invitation, Larraitz Torres eta Myriam Pérezen Permanent Vacation (Bertsioa), Amaia Navascuesen Puntu itsua eta Maider Oiartzabalek eszenaratuko duen Bidean. Sortzaile gisa aritzen den lehen aldia da Oiartzabalentzat orain arte dantzari moduan aritu baita soilik. Egiaren bila egindako bidai bat aurkezten du lasartearrak, zintzotasunaren laguntzarekin egin daitekeen bidaia.
Piezaren izenburuak argi uzten duen moduan, Larraitz Torres eta Myriam Pérezek Jim Jarmuschen film baten ikuspuntu pertsonala aurkeztuko dute; Permanent Vacation (Bertsioa)-n pelikula ikusten ari diren bi pertsonai filmera egiten duten bidaia propioa eskainiz.
“Zer da errealitatea?, Non dago errealitatea eta fikzioaren arteko muga?” edo “Errealitate bakarra al dago?” bezalako galderei erantzuna bilatzen ahalegintzen da Amaia Navascues Puntu itsuan.
Bestalde, oraindik bukatu gabe dagoen pieza aurkeztuko dute Marta Navaridas donostiarrak eta Danielle Enin Storm Brown estatubatuarrak. 2008ko urtarrilean estreinatuko da Hanburgon The Invitation, beraz, Atrium-en piezaren sormen prezesua taularatuko du bikoteak, suspensean oinarritutako koreografia-esperimentu batzuk eszenaratuz. |