|
|
ntzerkia
|
te tro
|
Itsaz ertzeko jaialdia
Obra: Cucumis-Melo.
Egilea: Angel Sagüés. Antzezleak: Jon Barbarin , Izaskun Mujika , Angel Sagüés.
Eszenografia: Angel Sagüés, Javier Celestino.
Jantziak: Isabel Morales.
Argiztapena: Alfonso Lainez.
Jatorrizko musika: Paco Iglesias. Koreografia: Sagrario Pérez. Zuzendaria: Angel Sagüés.
Ekoizpena: Atikus Teatro.
Tokia: Plaza- Lekeitio.
Eguna: Uztailak 6.
Ordua: 20.00. |
Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak 18. ekitaldia burutuko du uztailaren 6tik 8ra bitartean eta aurten Estatu frantziarretik gerturatutako konpainiak izango dute protagonismo nagusia, herrialde hori izango baita gonbidatua eta bertako lau talderen ekoizpenak izango dira ikusgai. Horrez gain, Kataluniatik etorritako Scura Splatsek bi lan desberdin aurkeztuko ditu eta jaialdia osatuko duten konpainiak Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaikoak izango dira. Euskal taldeen artean azpimagarria da Hortzmuga taldeak Euskal Herrian lehen aldiz eskainiko duen MomentO lan berriaren emaldia.
Aurreko orrialdeetan aipaturiko Hortzmuga taldearen estreinaldiaz gain, beste hamabi agerraldi izango dira ikusgai Lekeitioko kale, plaza, portua eta talan zehar. Nazioarteko konpainien zerrenda Estatu frantziarreko lau taldez osatzen da, aurtengo gonbidatua Pirinioak bestaldeko herrialdea baita eta bertan izango diren lau taldeetatik bat, Compagnie Malabar hain zuzen, berriro izango da Lekeition 2005ean Aquarêves ikuskizuna antzeztu eta gero.
1981ean sortu eta bere egoitza Nimesetik gertu dagoen Sommieres hiriko konpainiak, Helios II deituriko lana aurkeztuko du aurten, non abentura asaldatzailea proposatuz ‘mila eguzkien dinastia’ren istorioa islatzen duen dantza, musika eta pirotekniaren laguntzarekin. Larunbata gauean eskainiko duen agerraldiak talatik plazarako bidea burutuko du eta ikuskizunari hasiera ematen dion kalejiran eguzkiaren jaiotzaren alegiazko elezaharra kontatzen die marisorgin erraldoi batek gerturatzen diren ikusleei. Ekitaldia borobiltzeko, Malabar taldeko antzezleak eguzkiaren eraikuntza eta dagokion tokian kokatzeari ekiten diote.
Hezitako erraldoiak
Hankaluze berezien teknikaz baliatzen da Les Trois Points de Suspension taldea Monsieur Baryton lana gauzatu eta esploratzaile ospetsu baten azken aurkikuntza erakusteko. Barytonek munduan barrena hainbat bidaia egin eta gero izaki ezohikoenak aurkitu ditu eta orain bere aurkikuntzen artean aipagarriena aurkeztera dator: galdutako irla batean aurkitu eta bere bizitza arriskuan jarriz hezi dituen hiru erraldoi. Izaera tropikala kendu ondoren, hiru fenomenoak mantso-mantso betetzen dituzte agindutakoak nahiz eta beraien aurpegi ikaragaitzek misterioren bat edo beste ezkutatzen duten.
Macadam Pianok aurkeztuko duen ikuskizunak konpainiaren izenburu bera du eta agerraldiko protagonista kaleetan zehar motordun piano ibiltariaz baliatzen da Mozart, Django Reinhardt, Charles Trénet, Schubert edo Kurt Weil bezalako konpositoreak sortutako obrak eskaintzeko. Batzutan aurrera eta besteetan atzera piano jolea dotore eta dibertigarri azaltzen da bere ibilbidean joera desberdinetako doinuak inprobisatzeko.
Estatu frantziarreko taldeen presentzia Bilboko Kalealdian ere izango den Carnage Productionsek ekoiztutako G.I.G.N (Orokorrean Baliogabekoa den Esku-hartze Taldea) lan dibertigarriaz osatuko da. (Ikus 20 eta 21 orrialdeak).
Espazioa eta intsektuak
Scura Splats konpainiak Cosmic suzko kalejira eta Macroscopi lanak eskainiko ditu. Lehenengoa gauzatzeko Katalunian ohikoa den ‘correfocs’ teknikaz baliatzen da, kasu honetan F.O.C. planetan ‘Hormiggedon 4’ espazio-ontzia galdu duten bi astronauten abentura islatzen delarik. Astronautek etxerako bidaia egiteko beharrezkoa duten espazio-ontzia aurkitzeko, planeta horretan bizi diren Alien Focsen laguntza izango dute.
Macroscopin bestalde, intsektuen mundua ohiko neurrian baino askoz ere handiagoan ikusteko aukera eskainiko dio publikoari, Scura Splatsek puzgarri handiak eta koloretsuak erabiltzen baititu. Ehunzangoa irudikatzen duen 10 metroko luzera duen puzgarria, ura botatzen duen Barraskiloa, Armiarma dibertigarri eta erraldoia eta ikuslegoaren gainetik jauzika dabiltzan Marigorringo erraldoiak osatzen dute kalejira ibiltaria hau.
Nafarroako meloiak
Nafarroako Atikus Teatro konpainiak Cucumis-Melo lana aurkeztuko du desagertzeko zorian dagoen meloi-saltzaile ogibidea abiapuntu hartuz. Herriz herri dabilen pertsonaia honek hiltzear dagoen merkataritza mota bat erakusten du pertsonen arteko harremanak indartzeko duen eragina ere islatuz. Atikusen ikuskizuna xumea bezain koloretsua da eta istorio positibo bat kontatzea du helburu, istorio honen muina “gaitzik eta bizirik gabeko mundu honetarako bizimodu berria asmatzea baita”, taldekideen esanetan.
Trapu Zaharra gipuzkoarraren Visa vis ikuskizunak banku batek gazteen lan sariak bertan gordetzeko asmatutako marketin-kanpaina du abiapuntu; dirua gordetzearen truke esperma eta obuluak gordetzeko aukera ematen baitie, bezeroek ugaltzeko erabakia hartu arte.
Gaitzerdi talde bilbotarrak Kulunka antzezlan bisuala eta fisikoa eskainiko du, gizartea gidatzen duten distortsionatutako ispiluek bezala, irudia itzuli eta azken helburua legeak sortu dituen sorgin-gurpilak puskatzea delarik.
Euskal konpainiek Lekeition izango duten partaidetza Deabru Beltzak taldearen azken ikuskizunarekin osotuko da. Bizkaitarrek ekoiztutako Bande Déplacée azken lana, danbor hotsa, dantza eta piroteknia ditu osagai da neurrigabeko erritmoa eta indarra erakusteaz gain hiri-esparrua ikuspegi berri eta fantastiko batez arakatzeko aukera eskainiz.
Antzerki emanaldiez gain, musika entzuteko aukera ere izango da plazan kokatuko den Kale-Pub Topalekuan. Lehen eguneko saioak amaitu ondoren Four Friends boskotearen kontzertua izango da eta bertan swing eta jazz doinuak nagusi badira ere, blues, bossa, funk, rockabilly edo pop estiloetan oinarritutako abestiak ere tartekatuko dituzte.
|